Patxi Ezkiagak, 2000 urtean ,
Hatsaren Olerki bildumarentzat,
4 olerki igorri zizkigun.Eman zigun, ere,
Poesiaz eskatu genion definizio bat.
Hauxe idatzi zigun:
Poesia sinboloa da, itzala, tximista,
ahots ixila,paradoxaren erritmoa,
Ezerezaren tanpadaren bipolaritatea;
erbesteratze kanta eta itzulerarako oihua.
Agur Patxi Ezkiaga zure azken esaldia,
- 'Itzulerarako oihua''-dugu gehienik atxikiko gure baitan.
Hatsa elkartea
FRAI FRANCIS LINDEN,
PEREGRINUS
(Patxi Ezkiagari, in
memoriam)
Izenburuko
hitz horiexekin («Frai Francis Linden, peregrinus») sinatu
zuen zendu berri zaigun poetak neure eskuetan utzi zidan «Hitzaren
beiratea» poema liburu, artean, argitaratu gabekoa —baita
gerora ere, nik dakidala behintzat—. («Anai Patxi Ezkiaga,
erromes», alegia,
ingeles-latinezko hitzok euskaratuta.)
Eta aipu honexekin ematen zion hasiera liburuari: «Leongo
katedraleko beirateen irakurketa milurtekorako».
«—To...
Manuel (adiskide min-mina —eta
konplizea— izan zuen Joan Mari anaiari entzunda, izen honekin
deitzen ninduen Patxik, anaia-arrebok zein altzatar gertu-gertukook
deitu izan nauten bezalaxe), hortxe dauzkak, Leongo
katedraleko beirateak oinarri, idatzi ditudan olerkiok... ea
gustukoak dituan». Eta, hori
esanda, 53 orrialdeko koaderno mekanografiatu baten fotokopiak eman
zizkidan eskura. Ez dakit non izan zen: izan zitekeen La Salle
Loiola-Donostiako Ikastetxean, nik hari egindako bisita batean, edo
nire estudioan agian, hark niri egindako beste batean. Non ez dut
gogoan; noiz izan zen, hori bai, ordea, hori oso garbi daukat:
emaztea eta biok Amsterdamera bidaiatu
ginen baino egun gutxi batzuk
lehenago, 2005. urtean. Opari ezin hobea niretzat.
Holandako
lurretan genbiltzala, eta behin hiriburuko Rijksmuseum-a eta Van
Gogh-rena bisitatu ondoren, bidaiatxoa egin beharrean geunden Delft
hirira Vermeer pintoreak zapaldutako lurrez gozatu ahal izateko.
Margolariaren miresle itsua izanik, hiri hura ezagutu gabe etxera
itzultzerik ezin, inolaz ere. Hala, bada, Delft-era eramango gintuen
Rotterdam eta Haga-ra zihoan autobusa hartu eta zorroan neukan
«Hitzaren beiratea»
irakurtzeari ekin nion joan-etorrian, buru-belarri.
Emaztea bidelagun, kilometroz kilometro joan nintzen, patxada osoz,
olerki bilduma irakurtzen eta berrirakurtzen ilunabarrera arte,
han-hemenka arkatz-azpimarrak eta hainbat ohar zein iruzkin eginez,
hitzen muinetaraino iritsi nahian. Delft-en ginen konturatzerako.
Holandar paisaia ederrak aldian-aldian leihotik kontenplatuz eta
poema liburuxka soseguz dastatuz, hiriburuan oharkabean ginen berriro
ere, joanaldia amaitutzat emanez. Vermeer-en egongeletako leiho
beruneztatuei zerien argi-itzal distiratsuek izpi epelez ferekatzen
zituztela gure «Francis Lindenen» olerki koloretsu-argitsuak... edo
halako zerbait sentitu nuen neure baitaren baitan. Baita Leongo
katedraleko beirate ezin ederragoen barna irazten zirela ere
arratsalde apalean —kristal-errezelak bailiran— Vermeer-en argi
xarmangarri haiek, eta kaleidoskopioaren polikromiaz janzten
zituztela erretauletako zurezko imajinak, halaxe irudikatu nuen une
batez egunean bizi izan nuena, autobus geltokira iritsi ahala.
Amaitu genuen bidaldia eta amaitu nuen Ezkiagaren «Hitzaren
beiratea» poema-sortaren «milurtekorako» irakurraldia,
non hitza beirate bihurtu zitzaidan eta beiratea hitz. Vermeer, Delft
eta Leongo katedraleko beirateak: «hitzaren beirateak», zeintzuk
argiez, itzalez, koloreez... arku gotikoez, erretaulez, zimenduez,
gurutze zein nerbio bobedaz, arkiboltaz, errosetez... gizakiaz,
historiaz, bizitzaz... jende xehe-apalaren sinesmenaz mintzo
zitzaizkidan. Neure egin nituen Patxiren hitzak, neure
bihotz-begietan. Gero, itzaliz joan zen, ahulduz, ilunabarreko argi
leuna, eta azken errainu haiek egun hartan izandako bizipen eta barne
sentipenetan laztankiro pausatzen zirelakoan nengoen. Argi eta garbi
esan dezaket, gidariaz gain, olerki haien ahapaldiek gidatu nindutela
Herbeheretan zehar, ezin ahaztuzko bidaldi iniziatiko hartan.
Opari guztiz preziatua Patxiren olerki bilduma —argitaratu gabea
izateak agian intimoago edo pertsonalago bihurtzen duena—, opari
berezia, baliotsu eta estimatua; eta ezin ederragoa, berriz, Vermeer
eta Rembrandt-en lurraldeetan bizi izan nuen irakurraldi hura. Oparia
izan zait liburua, dohako oparia; opari ahaztezina, orobat,
autobuseko itzuli gogoangarri hura.
Halaxe dio opari-liburu honek amaiera aldeko «Xarmaria»
izeneko olerkian (50 o.; «Erromesaldia», III. kapituluaren
barruan), Ataungo zaindaria den Tourseko Martinekin solasean ari dela
olerkaria: «Begira, Tourseko Martin, / bizkarrean
haur gaixoa dakarkian praile erromesa / ni nauk: [...] higana
datorren berdez jantzitako nekazari elbarria / ni nauk: [...]
astoaren gainean, nekez, dihoan erromes gorriz jantzia / ni nauk:
[...] halere, lurrean eserita, besoak higana altxata dagoen eskale
grisez jantzia, / ni nauk: [...].
Praile erromesa... nekazari elbarria... erromes gorriz jantzia...
eskale grisez jantzia... film ederrenean antzera, halaxe dut gogoan
Patxi poeta, musikari, kolorezale... edertasunzale, eta, batik bat,
adiskidemina. Patxi «peregrinus»: Patxi pelegrino, erromes,
beilari; Patxi nekazari, eskale... Baita ermitau ere,
ermitau-eremutar —14 apostoluak poetaren solaskide, materiagabeak,
hezur-haragiz hustuak denak—: «Poema liburu hau
Arantzazun eta Belaguako bakardadean bizi izandako
gurtza-esperientzian oinarritzen da, eta kontenplazioaren
isiltasunean aurkitzen du bere oihartzunik ozenena»,
halaxe dio «profetaren
14 hitz» gordetzen dituen liburuxkak,
«Isiltasunaren etxea» izenburu daraman hitzaurrean («Oteiza,
profetaren 14 hitz» - «14 palabras proféticas», Bermingham,
2011).
Paleta
luze-zabaleko kolorezale: «berdez»... «gorriz»... «grisez»...
jantzia, hi heu haiz hori, Patxi. Eta lorategiez ari dela, lorez lore
doa aletzen opari-liburuko 24. orriko olerkia, «Larrua» izenekoa:
«...peonia malba / handiak,
irisak, gasaren sugarra bezain urdinak,
/ tulipan beltzak,
nigana makurtuta, hiazinto moreak, /
[...] arrosa multzoak, / [...] «sinetsi nahi ez dugun heriotzarako
krisantemoak / [...]»:
«malba»... «urdinak»... «beltzak»... «moreak»... arrosa...
kolorezale maiteminduaren kromatismoa. Argiaren espektroa. Katedrale
paregabearen beirateek («kristalezko espektroak»
[50. o], zeintzuk, materiaz hustutako horma meheen ordez, katedrala
berari eusten diotela diruditen) bide ematen diote poetari bere
hitzak ezin kontatuzko koloreez eta sinboloez janzteko.
Izan dut, idazlan horrez gain, lasalletar lagunaren beste olerki
liburu bat ere bidaiari ene oroimenean: «Bidai soinua» -
«Melodía para el viaje» (ARANTZAZU Edizio Frantziskotarrak,
2005) poema liburua. Eskerdun izango naiz beti gure poeta
erromes-bidaiariarekin orduan egin zidan azal-irudiaren
eskaintzagatik. (Hain zuzen, liburu hau ez da agertzen Berriak,
2018-VI-30ean, eskainitako bibliografian.)
Begiraldi
xehe bat egin diet etxeko apaletan ditudan Ezkiagaren liburu guztiei
—ez dira gutxi!—, eta egin zizkidan liburu-eskaintzen artean
bizpahiru aipu baino ez ditut azalduko: bata, «Argi-joko
hauek Manuelen pintzela besterik ez ditek behar...»
(«Uso
bat gehiago», Ibaizabal, 2002); bestea,
«Manuel,
hire paletaren koloreak ere hemen daudela
esango nikek.»
(«Haizearen parabola», Arantzazu, 2006); eta azkena, «Manuel:
Ezer gutxi gehiago esan dezaket, baina zintzotasunez idatzitako
poemak dira.» («Ez
izan beldur... Erbesteko kantak», Arantzazu, 2013).
Lehenari
dagokionez, nola, baina, pintzelez margotu lagunaren «argi-joko»
atzemanezin horiek?; bigarrenari dagokionez, berriz, ohore eta poz
handia da niretzat, bizi-arnasa izan zaizkidan eta egunean-egunean
bizipoza eman izan didaten kolore horiek poeta adiskideak bereak egin
eta bion artean partekatu izana (margolari baten koloreak poeta
adiskidearen hitzetan daudela esatea —«hemen daudela», idazlearen
liburuan, alegia—: ba ote hori baino gauza handiagorik margolari
batentzat?); eta «zintzotasunari» dagokionez, azkenik, ez dut uste
zehaztasun hori (zintzotasunez idatzitako poemak direla, alegia)
inondik ere beharrezkoa zenik idazlea ezagutzen genuenontzat, ondo
asko baikenekien, zintzotasuna, poemetan eta letretan ez ezik,
bizitza osoan ere Patxiren ezaugarririk ohargarrienetakoa izan dela.
(Garbi dago, dena den, zer nabarmendu nahi izan zuen berak eskaintza
horretan:
zintzotasunaren balio gorena nahita-nahitaezkoa dela arlo guztietan,
uneoro azpimarratu eta aldarrikatu beharrekoa bai bizitzan eta bai
artean...) Zintzotasun osoz egin izan baitzion aurre berak bai
bizitzari eta bai idazteari ere.
Jakina denez, korpus poetiko-literario luze-zabala burutu zuen gure
idazle nekaezinak euskal letretan (poesia, batez ere; kontakizunak:
eleberriak, ipuinak, parabolak... itzulpenak... abesti hitzak...):
lan oparoa, zinez, berea, non olerki bakoitza otoiz bat den, erregu
bero, errezo sutsu; non ahapaldi eta bertso oro gurtzak eta eskertzak
diren, bere Jainkoari zuzenduak, Jauna baitzuen solaskide eta
lagun-minetan lagun-min, baita bere bizi-eskaintza ere. Natura,
gizakia, Jainkoa... gai hauek laburbiltzen dute bere jardun
poetiko-existentziala, goranzko eskailera batean bezala Jakoben
zerurantz doazenak.
Belaunaldi gazteagoko inork izango ote du, inoiz, Patxiren obra
poetiko eskergari heltzeko eta ikerketa sakon bat egiteko asmorik eta
adorerik?
Susmoa dut, urteak joan urteak etorri, Patxiri ez zitzaiola poesiaren
aldarean sartu gabeko egunik igaro, hantxe gure gizona belaunikoz eta
oinutsik...! Hitzaren aurrean egunero; hitza banan-banan, ttanttaka,
mamituz, hitz soila uholdea bihurtzeraino. Hitza zuen kolore, hitza
musika, hitza fede... eta hitza edertasun! Eguneroko olerki-jardunaz
osatu zuen bere egunkari ezkutua, ezarian-ezarian mamitu
zuena: existentziari buruzko bere eguneroko gogo jardunen
egunkaria. Ogia bezain egunerokoa. Betiere fedea
oinarri, eta edertasuna ardatz. Fedea eta edertasuna, bat eginik
biok. Fede-itxaropenaren edertasun bila uneoro. Eta
izaki-gizakienganako maitasuna eguneroko xede. Bertute kardinalak
ororen gainetik, Asisko Patxi: frantziskotar-lasalletar Francis.
Mundu fisikotik mundu metafisikora erromesaldian zebilen poeta
erromantiko-ameslaritzat jotzen dut
Ezkiaga.
—Anaiaren
liburu bat izan diat eskuetan gaur eta izenburua leitu bezain laster,
hiretaz gogoratu nauk, Patxi; Anna Ajmátova duk egilea eta halaxe
dio, gazteleraz: «He leído que no mueren las almas»
(Poesía portátil, 2018); arimak hiltzen ez direla, alegia. Heurea
ez behintzat, lurreko bizitzan ere hilezkorra hintzen-eta!
Zenbat
eta zenbat instant bizi ez ote hituen eternitatearen intentsitatez,
heure bizitzan, Patxi: etxean, anaidian, ikasgelan, lagunekin,
kalean, naturan (Pirinioetako ermitan bizitutako
bakardade-esperientzia hura mugarri: 17 egun-eta-gau, 17, bakardadeak
—bakardade hutsak— inguraturik!); irakaskuntzan, liburuen zein
poemen artean beti...!
Hik
bai, heriotzan
sinesten huen,
eta eternitatea instant bat baino ez dela jakinda alde
egin duk gugandik:
orain, istantez jositako bizitza berri bat opa diat bihotzez!
Erromes
zintzoa bezala, iritsi haiz puntualki hire Done Jakuera —heure
harmonika zaharra esku-ezpainetan—, hala ere, ez haut erabateko
gelditasunean kokatuta imajinatzen lurralde horretan, geldi-geldirik;
guztiz kontrara, mundu honetan herririk herri erromes ibili haizen
hori han ere batetik bestera dabilen erromes ibiltari ikusten haut,
bazter berriak ezagutzen, «lur bat haratago»; kontraesana bazirudik
ere, beilari ikusten haut, ibiltari, kontenplaziozko bizita batean.
Profeta lagunekin solaskide, Isaias gidari, filosofo, teologo eta
artistekin solasean Peripatetikoen Etorbidean. Eta Biblia ohe mahaian
beti, hire ametsen zaindari. Kontenplaziozko erromesa, hi: «semper
peregrinus», erromes-pelegrino beti. Baita ermitaria ere: apaingarri
guztiez biluzia.
—Eta
orain bai, fedearen misterioan murgilduta, sartu
haiz
«Isiltasunaren etxera», eta han, Donibane Gurutzekoa bera aurrez
aurre ezagutzerik izango duk azkenean, hezur eta mami, baita haren
«Cántico espiritual»a ere. («Maite kantak», Inazio Goikoetxea
"Gazteluren" itzulpenean.) Eta azken batean, musika isila
entzuterik ere izango duk, izan ez duk hori, bada, heure betiko
ametsa! Susmoa diat, gainera, hori ere lortuko duala, soinu orotaz
haratago. Gu, bitartean, hire abizenaren ezki lorearen elixir
lasaigarria edanez, aurrera egiten saiatuko gaituk egunez egun.
—Hermann
Hesse-ren aforismo batek dioenez («Lecturas para minutos», Alianza
Editorial, 1986), «...hilaren
sakrifizioa gure arimaren barruan burutu behar da, oroitzapen zehatza
gogora ekarriz, gure barnean pertsona maitatua berreraikiz. Lortzen
badugu, hilak gure ondoan jarg
esango diat: Agur, anai Patxi, olerkari-musikaria: «Uraren
musika isuri da / mugen bestaldera. / Hitzak sobera.».
Esan
beharrik ere ez haiku honen egilearen izena: heure, eta geure, anaia
Joan Marirena.
(P.S.:
Galdetu nion anaiari ea ez ote zuen Patxiren oroimenez ezer idatziko
—anaia baita agian pertsonarik egokiena horretarako, nik hala
uste), eta berak ezetz, egunero dagoela poeta lagunarekin
harremanetan.... «hitzak
sobera».
Anaia ezean, bada, eta barrenak
hala eskatuta,
gizalegez agurtu nahi izan dut lagun hil berria, guztiz bainintzen
zor berarekin...)
Imanol
Irigoien Aranberri
(2018-VIII-17)
n
n